Aurrekariak
Botere publikoek familiak babesteko duten betebeharrak Konstituzioaren 39. artikuluan du azken oinarri juridikoa. Halaber, Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 10-39. artikuluetan dio familien babesa eskumen esklusibokoa dela, estatutu-arauak “komunitate-garapen, emakume kondizioaren arazo, eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika” gisa definitzen dituen arloen barrukoa. Euskadin, Familiei Laguntzekoabenduaren 12ko 13/2008 Legeakeratu du familiei laguntzeko politika publikoen oinarriak finkatu berri dituen lege- eta araudi-esparrua. Lege horretan, gai horren inguruko esku-hartze publikoaren oinarriak eta printzipioak ezartzen dira eta Eusko Jaurlaritzak burututako araudi-garapenaren bidez osatu da; horrek arautu ditu seme-alabengatiko diru-laguntzak, lana eta familia bateragarri egiteko laguntza ekonomikoak eta familia-errenta estandarizatzeko sistema.
Familiak, zalantzarik gabe, botere publiko guztien babes berezia behar du, pertsonen garapen osorako euskarri material eta afektiboa izatearen funtzio ezinbestekoa baitu, baita egiteko kuantitatibo eta kualitatibo bat ere, adingabeei, adinekoei eta gaixotasunagatik edo mendekotasunagatik premia bereziak dituzten pertsonei arreta emanez betetzen duena.
Arartekoak, arlo honetan, familiak babesteko politika publikoak bultzatu eta indartu daitezen sustatzen du, familia-eredu askotarikoen garrantzia kontuan hartuta. Zuzenbideak aintzatetsiak ditu familia-ereduok, eta zenbait kasutan arreta berezia behar izango dute, beren funtzioak betetzeko behar dituzten prestazio guztiak erabateko berdintasunez eskuratzeko. Era berean, familiak babesteko politika publiko horiekin loturiko herritarren kexak bideratzen ditugu, baita horiei arreta eskaintzea helburu duen beste edozein jarduera publiko ere.
1. Arloa kopurutan
2016an, 14 espediente kudeatu ziren Familien Arloan; espediente gehienak familiei buruzko politika publikoen ingurukoak izan dira, administrazioaren eta administrazio-prozeduraren funtzionamenduaren ingurukoak eta lana, bizitza pertsonala eta familiarra adiskidetzearen ingurukoak.
2016ko abenduaren 31n, 2016an kudeatutako eta 2016ko urtarrilaren 1ean izapidetze-prozesuan jarraitzen zuten kexa- espedienteen izapidetzearen egoera hauxe zen:
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Familia ugariaren titulua lortzeko edo tituluaren ondorio batzuez gozatzeko legezko betekizunekin zerikusia duten arazoak
a) Familia ugariaren titulua bikoteak apurtzen diren kasuetan, bereziki, zaintza partekatuaren kasuan
Erakunde honetan familia ugarien inguruko legediaren aplikazioarekin eta kudeaketarekin lotutako zenbait kexa jaso ditugu; foru aldundiei dagokie hori egitea. Legedia horrek ezarri ditu familia ugaritzat jotzeko betekizunak, familia horietako kideei onura ekonomikoez gozatzea ahalbidetzeko xedez. Aipatutako espedienteetan, esanguratsua da kexa askotan dibortzioagatik edo banantzeagatik bikotea apurtzen den kasuetan sortzen den arazoa aipatzea. Kexa horietan adierazten da, horren ondorioz, zaila dela guraso bati edo besteari esleitzea familia ugariaren titulua. Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 2.2 c) artikuluak ezartzen du beharrezkoa dela bi gurasoetako bat aukeratzea familia ugariko kidearen izaera mantentzeko. Horrenbestez, beste gurasoak titulartasuna galduko luke, familia ugaritik kanpo geratuz. Gurasoen arteko adostasunik ez badago, bizikidetzaren irizpidea hartuko da kontuan, hau da, familia ugariaren titulartasuna esleitu beharko zaio judizialki zaintza duen gurasoari –aitari edo amari–. Ukitutako herritarrentzat zaila da arau hori ulertzea, batez ere, kasu batzuetan. Izan ere, kasu horietan, zaintza ofizialki bati esleitu arren, bisiten araubidea zabala da eta bi gurasoek dute erantzunkidetasuna seme-alaben heziketa eta zaintzari dagokionez. Beraz, bi gurasoetako bat familia ugariaren onuretatik baztertzen duen arau hori ez da bidezkoa. Arazo honen inguruan aurkeztutako kexen konponbidea desberdina izan daiteke. Batetik, gai horren inguruko Estatuko legeria erreformatu daiteke eta, bestetik, euskal eremuan ex novo arauketa bat egitea. Horrek, Familiei Laguntzekoabenduaren 12ko 13/2008 Legearekinbat etorriz, bultzada berri bat emango lieke familiei laguntzeko neurriei, kargura dituzten seme-alaben kopuruaren arabera.
Horrez gain, estatuko araudi horrek ez ditu kontuan hartzen benetan seme-alabekin bizitzearekin lotutako baldintza horiek, zaintza partekatuko kasuetan ematen direnak. Familia ugarien inguruko Estatuko legeria aztertu ostean, erakunde honek gai horren inguruko iritzia eman zuen joan den urtean. Hala, azpimarratu zuen egia zela manu horrek eskatzen duela, seme-alabak gurasoetako batekin bizitzeari uzten dioten dibortzioen kasuan, bi gurasoetako bat aukeratu behar dela familia ugariaren tituluaren parte izateko. Hala eta guztiz ere, familia ugarien tituluen kudeaketako administrazio-jardunbidean –foru aldundien eskumenekoa dena– konponbide bat ezarri behar da, seme-alabak bi gurasoekin bizitzeari uzten dioten zaintza partekatuko kasuei erantzun bat emateko.
Zaintza partekatua nahiko berria da eta eremu honetan legezko hutsune bat dago; horrela, Eusko Jaurlaritzari helarazi genion arazo hori, Eusko Legebiltzarrak gurasoen banantze edo haustura kasuetako familia harremanei buruzkoekainaren 30eko 7/2015 Legeanadierazitakoa kontuan hartuta, irizpide homogeneo bat ezartzeko foru erakundeek familia ugarien inguruko Estatuko Legearen manu hori aplikatzeko. Izan ere, familia ugarien tituluak kudeatzeko eskumena foru aldundiek dute. Irizpide homogeneo hori ezarri da; horrela, familia ugariaren titulua urtero txandakatuko dute guraso bien artean, zaintza partekatua den kasuetan. Formula horrek kudeaketa-arazo ugari sorrarazi dizkie foru erakundeei eta, horregatik, herritar askok kexak aurkeztu dituzte Arartekoaren aurrean, arauketa horrekin, ez direlako zaintza partekatuaren aukera hautatu duten gurasoen legezko itxaropenak asetzen. Izan ere, zaintza partekatua aukeratzen duten gurasoek familiei laguntzeko neurri desberdinen onurak izaten jarraitu nahi dute zaintza partekatuaren araubidea indarrean dagoen bitartean.
b) Familia ugarietako neba-arrebei hezkuntzaren arloko onurak emateko hedapen iragankorraren irismena familia horien titulua iraungi denean seme edo alaba nagusiak legezko gehienezko adina betetzeagatik
Izan ere, hori da 2016an erakunde honek jorratu duen beste gai bat. Arazoa Haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duenuztailaren 28ko 26/2015 LegearenBosgarren Xedapen Iragankorraren interpretazioarekin sortu dira; izan ere, xedapen horrek Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 6. artikulu berriaren ondorioetako batzuen atzeraeraginezko luzapena aplikatu du, 2015eko urtarrilaren 1etik eta legea indarrean sartu arte, hau da, 2015eko uztailaren 17ra arte titulua galdu duten familia ugariei bermatzeko matrikulazio- eta azterketa-hobariak lortu ahal izateko hezkuntzaren alorrean, lege hori indarrean sartzen denetik familia ugarien izaera oraindik duten gainerako familiek bezalaxe. Izan ere, familia horiek titulua mantenduko dute (eta kasu horretan, titulu horren onura guztiak) 21 urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat edo ikasten duen 26 urte baino gutxiagoko seme edo alaba bat, neba-arreba nagusiek izaera horretatik kanpo geratzeko legezko adina beteta duten arren.
Arazoa sortzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak 26/2015 Lege horren bosgarren xedapen gehigarriaren terminoen interpretazio murriztailea egiten duelako, matrikulazio eta azterketa onuren luzapen hori soilik 2015/2016 ikasturterako aplikatzen dela jo duelako. Hala, jo du kexagilearen bi seme-alaba txikiek ezingo dutela baliatu, ikasturte horretatik aurrera, familia ugariaren kide izaera, hezkuntzaren alorrean zenbait matrikulazio eta azterketa onura izate aldera. Erakunde honen ustez, exegesiaren xede den bosgarren xedapen gehigarriaren literaltasunetik eta izaeratik ezin da ondorio hori atera. Horregatik, txosten honen amaieran Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendutako gomendio bat jaso dugu. Hala, gomendio hori 2017. Urtea hasi ostean argitaratuko da eta gainerako foru aldundiei ere jakinaraziko zaie, baita Eusko Jaurlaritzari ere, xedapen horren aplikazio uniformea ezartzeko Euskal lurralde osoan. Gomendio horretan, egiaztatzen da ez dela egokia jotzea onura hori soilik ikasturte batean aplikatuko dela (2015/2016), Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten duen bezala. Izan ere, Legean ez da mugaketarik ezartzen zentzu horretan, ez esplizitua, ez inplizitua. Herritarren aldeko lege-arau baten interpretazio murriztaile bat da hori. Horrek, indar handiagoarekin, legegilearen nahian beren-beregi babesteko eskatuko luke eta interpretazio hori ezin da inolaz ere legezko xedapen horretan aurkitu. Hortaz, ondorioztatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako interpretazioa, kexagilearen familia onura horietatik baztertzen duena 2016/17 ikasturtetik aurrera, ez dela Zuzenbidera egokitzen eta Haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak egindako Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen erreformaren izaera eta literaltasuna urratzen dituela. Hori dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatzen zaio kexagilearen bi seme-alaba txikiei aitortzeko, ikasturteekin lotutako mugarik gabe, familia ugarien inguruko legerian ezarritako hezkuntzaren arloko matrikulazio eta azterketa onurak, seme-alabek legeria horren aplikazio-eremutik kanpo geratzeko legezko adina bete arte.
2.2 Familia ugarientzako onura fiskalak bertan behera uztea: Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren kasua Bizkaian
Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioak (Hirukide) jarritako kexa bat jaso dugu; federazioak erakunde honi helarazi zion ez zegoela ados Bizkaian, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, familia ugarietako kideen aukerako hobaria kentzearekin Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenmaiatzaren 18ko 4/2016 Foru Arauaindarrean sartzearen ondorioz. Gai horren inguruan egin ditugun azterketa eta esku-hartzearen ondorioz, Arartekoak2016ko azaroaren 2ko Ebazpenaeman zuen. Horren bidez,Bizkaia Foru AldundikoOgasun eta Finantza Sailari iradokitzen dio seme-alabak euren kargu dituzten familien aldeko onura fiskalen aitorpenean aurrera egitea sustatzeko Ondasun Higiezinen gaineko Zergan. Horrez gain, ebazpen horretan, euskal herri-administrazio guztiei gogorarazten zaie Legean beren-beregi jasotako herritarren demandari erantzun nahikoak eskaini behar dizkiotela. Batetik, neurri desberdinek aplikatzen zaizkien familiengan izan dezaketen eragin ekonomikoa aztertu behar da eta, bestetik, familiei babes egokia eman behar zaie, bereziki familia ahulenei. Hori guztia lortzeko, zalantzarik gabe, ezinbestekoa da era askotako neurri publikoetan –baita zerga arlokoetan ere– neurrien eraginpean dauden familiak seme-alabarik ote duten kontuan izateko ohitura hartzea. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza Sailari iradokitzen diogu hausnarketa-prozesu bat hasteko, lurralde historiko horretan bere kargu seme-alabak dituzten familiak babesten dituzten tresna eta neurri ekonomikoen indartzean aurrera egiteko eta sakontzeko, horien bizitza-proiektuak autonomiarekin garatu ditzaten laguntzeko, kostuak konpentsatzeko neurriak ezarriz. Horrez gain, iradokitzen zaio, aurrerago, erabakiak hartu aurretik, aktibatu nahi dituen neurri fiskalek bere kargu seme-alabak dituzten familiengan izan ditzaketen eragina aztertzeko, zerga-erreformak barne. Izan ere, espediente honetan zalantzan jartzen dena bezalako erreformek onura fiskalak kentzen dizkiete familia horiei. Bestalde, uste dugu aurrerapausoak egin beharko lituzkeela, oro har, familientzako zerga-onurak homogeneizatzeko, seme-alabak dituzten familiak Euskal Autonomia Erkidego osoan, beren bizitokia edozein dela ere, sistema berdintsu batez babesturik egon daitezen.
2.3 Familia bizitza eta lanbidea bateratzeko laguntzak: Amatasun-baimenaren epea diruz laguntzen ez den epe gisa
Zenbait kontsulta eta kexa jaso ditugumartxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldatu duenfamilia eta lana bateragarri egitekoekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren4.2. artikulua aplikatzearen balizko disfuntzioari buruz. Artikulu horren bigarren atalean berariaz salbuetsi da amatasunagatiko baimenaren aldian diru-laguntzak emateko aukera, zera ezarri duenean: “ezingo dira diruz lagundu amatasunagatiko edo aitatasunagatiko baimenarekin bat egiten duten aldiak”. Xedapen horren arabera, bigarren eta ondorengo seme/alabatik aurrera, laguntza horien balizko onuradunek ezin dute lehenengo seme/alaba adingabea zaintzeko zuten jardunaldi-murrizketarengatik ematen zaien laguntza jasotzen jarraitu bigarren semea edo alaba jaiotzen denetik aurrera. Izan ere, laguntza hori ez da bateragarria amatasun-baimenarekin, nahiz eta amatasun-baimena jardunaldi-murrizketako araubidearen bidez baliatuko den (lehenengo semea edo alaba zaintzeagatik). Halaber, dagokion Gizarte Segurantzaren prestazioa jasoko da, murriztuta egongo dena jardunaldi osoarekin jarraitzekotan jasoko lukeenarekin alderatuz. Gai hori Eusko Jaurlaritzari aurkeztu genion azter zezan; horrek uste du xedapenak berez ez duela diskriminaziorik sortzen. Erakunde honek uste du, manu horren ustezko literaltasunaren neutraltasuna gorabehera, aurreikusi gabeko ondorioak sor ditzakeela kasu batzuetan. Zalantzarik gabe, beharrezkoa da sakonago berrikustea arauzko xedapen horrek ondorio diskriminatzaileak sortzen ari den amatasuna dela-eta.
2.4 Seme-alaben jaiotza edo adopziogatiko laguntzak eskuratzeko betekizun formalak
Seme-alabengatiko laguntzei buruzko euskal legediaren babespean eskatu diren laguntzen ukapena dela-eta, kexak jasotzen jarraitu dugu 2015ean ere. Horietan guztietan, arazo formalak planteatu dira, funtsean, aipatu laguntzak eskatu ahal izateko eskatzen den dokumentazioari buruzkoak. Aurreko txostenetan jada, kasuistikaren eta erakunde honek gai horren gainean egindako balorazioaren gaineko azalpena eman dugu, interesdunei eman beharreko informazioan hobekuntzak proposatuz, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean zerbitzuaren aurrean prozedura irekitzetik hasita.
Hala, administrazio-prozeduran dauden irregulartasunen ondorioz azaldutako arazoen artean, bat nabarmendu nahi dugu. Herritar batek kexa bat aurkeztu du eta horretan adierazi du Eusko Jaurlaritzak laguntza-prozedura batean atzera egindakotzat jo zuela, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren arabera, interesdunak aurkeztutako dokumentua galdu zelako. Hala ere, adierazi behar da dokumentu horren sarrera behar bezala formalizatu zela dagokion Correos-en bulegoan. Kasu horretan, gure ustez, administrazioak bi jarduketa desegoki burutu ditu. Batetik, eskaera formalizatzeko eskatu zen laguntzak eskatzeko prozeduraren arauan aurreikusita ez dagoen betekizun dokumental batekin eta, bestetik, ustez, egoitza administratiboan galdu zen interesdunak administrazioak akatsak zuzentzeko egindako errekerimendua betetzeko bidalitako dokumentazioa. Argi dago, administrazioaren funtzionamendu desegoki bat dela hori; horrek, berez, interesdunak gora jotzeko errekurtso baten bidez aurkatutako jarduketaren ezeztapena justifikatzen zuen. Gora jotzeko errekurtso hori jadanik ezetsi zen; hori kontuan hartuta, Arartekoak jo zuen administrazioak bere jarduketak indargabetu behar zituela, prozedura administrazioaren funtzionamendu desegokia gertatu zen unera atzera eramanez. Hortaz,Arartekoak 2016ko apirilaren 20ko Ebazpenaeman zuen; horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatzen zaio eskaera-prozedura batean emandako ebazpena indargabetzeko, seme-alabak dituzten familien diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren arabera.
Puntu honetan, azpimarratu behar da, erakunde honek aurreko urteetan egin duen bezala, komenigarria dela ahal den neurrian seme-alaben jaiotzagatiko laguntzen emakida automatizatzea edo, behintzat, sinplifikatzea, kasu guztietan, herri-administrazioek jadanik duten dokumentazioa aurkezteko eskatzen duen eta interesdunentzat gero eta konplexuagoa den izapide bat burutu behar ez izateko. Zalantzarik gabe, izapide horrek, praktikan, laguntza horiek jaso ahalko zituzten pertsona asko baztertzen ditu laguntza horietatik. Bestalde, egiaztatu dugu 2015etik laguntza horiek errentaren menpe egoteak Eusko Jaurlaritzak kudeatzea zailtzen duela. Horren ondorioz, askotan, atzerapenak daude eta forma-akatsak ere bai, laguntza horien balizko hartzaileak kaltetzen dituztenak. Diru-laguntza horiek dira gaur egun seme-alabak edukitzea zuzenean babesten duten bakarrak, demografikoki jaiotza-tasaren bultzada handia behar duen gizarte honetan. Beraz, uste dugu laguntzen kudeaketan dauden arazo horiek berrikusi beharko liratekeela, hobetze aldera.
3. Araudi- eta gizarte-testuingurua
2015 urte oparoa izan zen Estatuan eta Euskadiko Autonomi Erkidegoan familien babesean zuzenean eragiten duten lege, arau eta beste tresna batzuen ezarpenari dagokionez (horri dagokionez, Arartekoaren 2015eko urteko txostenaren epigrafe bera kontsulta daiteke). Aitzitik, 2016. urtean, ez da berrikuntza nabarmenik egon horri dagokionez.
Hala eta guztiz ere, aipagarria da lehendakariak 2016ko martxoan egindako iragarpena; hala, Eusko Jaurlaritzaren Familia eta Haurtzaroko Estrategia deritzona iragarri zuen. Horren helburua da haurren pobretasuna saihestea eta mutil eta nesken aukerak berdintzea eta, batez ere, ziurgabetasun ekonomikoak seme-alabak edukitzea edo familia-proiektuak hastea gomendatzen ez duenaren pertzepzio soziala leheneratu nahi da. Horretarako, herrialdearen familia eta haurtzaroaren aldeko itun bat egiteko proposatzen da, hasiera batean 2020ra arte urtean 50 milioi euro inbertituz. Horrez gain, gizarte-politika horietarako inbertsioa handitu nahi da aurrekontuaren egoerak hori ahalbidetzen duenean. Iragarritako estrategia ibilbide-orri bat da inplikatutako eragile publiko eta pribatu guztiekin (erakundeak, alderdi politikoak, gizarte-eragileak eta hirugarren sektorea) eztabaidatzeko eta gaia jorratzeko. Estrategia horretan, proposamenen dekalogo bat jaso da eta horren helburua da esparru orokor egokia sortzea pertsonak bizitzaren etapa guztietan garatzeko. Neurri horietako asko ez dira laguntza edo diru-laguntzen definizioan sartzen; izan ere, horien helburua da baldintza egokiak sortzea familien zerbitzu-beharrak eta demandak asetzeko. Horrela, seme-alabak dituzten familientzat gutxieneko diru-sarrerak bermatu nahi dira; ekipamendu eta zerbitzu soziokulturaletarako sarbidea; gazteen emantzipazioa bultzatzea; denboraren antolaketa egokiagoa sustatzea familientzako eta adiskidetzerako; haurrei arreta emateko “kalitatezko” zerbitzu “eskuragarrietarako” sarbidea erraztea; gurasotasun positibo eta familia-bitartekaritzako programak ezartzea; familia-topaguneko puntuen sarea indartzea eta gizarte-hezkuntzako esku-hartze programak indartzea.
4. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
2016. urterako egindako jarduketen planaren esparruan, jarraian, arlo horretan burututako jarduketa nagusiak adierazten ditugu:
4.1. Bilerak elkarteekin
Beste urte batez, harremana eduki dugu –bileren bidez edo familien demanda eta interesen inguruko gaiekin lotutako foro eta topaguneetan parte hartuz– Euskadiko familia aniztasunaren interesak ordezkatzen dituzten elkarte ezberdinekin. Horren bidez, euren lan ildo nagusiak, beharrak eta botere publikoei eskatzen dizkieten kontuak ezagutu ahal izan ditugu. Horien artean, azpimarratu behar dugu Euskadiko familia ugarien elkartearekin, hau da, Hirukiderekin dagoen harreman estua. Izan ere, horiekin, beste harreman batzuen artean, Arartekoak bilera bat egin zuen urtearen hasieran; bilera horren helburua elkartearen demanda nagusiak ezagutzea zen. Horien artean, nabarmendu nahi dugu elkarte horrentzat garrantzitsua dela euskal administrazioek seme-alabak dituzten familiengan egiten diren inbertsio publikoei bultzada handia ematearen aldeko apustu irmoa egitea. Horrez gain, aurretiazko ebaluazio-tresnak sortzeko eskatzen dute, esku-hartze publikoko sektore desberdinetatik sustatutako neurriek familiengan duten eragina ebaluatzeko.
4.2. Bilerak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailarekin
2016an, lankidetza-harreman ona izan dugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzako arduradun eta langile teknikoekin, herritarrek aurkeztutako kexa-espedienteak izapidetzeko eta jarraitzeko eta adiskidetzerako laguntzen eta seme-alabengatiko laguntzen inguruko dekretuen interpretazioari eta aplikazioari dagokienez. Puntu honetan, zuzendaritza horren harmena eta gogoak azpimarratu nahi ditugu; Arartekoa zuzendaritza horrekin bildu zen eta ArartekoarenFamiliei laguntzeko politikak Euskadin: azterketa eta proposamenakizeneko Ez-ohiko Txostenean jasotako gomendioen egoera aztertu zen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Haurtzaroan eta Familian Inbertitzeko Euskal Estrategiari dagokionez egindako planteamendua aztertu da; Arartekoak horren edukia jakin nahi izan zuen zuzenean. Horrela, Familia Politikako zuzendariak azpimarratu zuen estrategia horrek, besteak beste, gazteen emantzipazioa sustatu nahi duela eta seme-alabak izan nahi dituzten euskal familiek nahi beste seme-alaba izan ahal izatea. Hala, estrategia horretan Arartekoak familiak babesteko politiken inguruko ez-ohiko txostenean emandako gomendio asko hartu dira kontuan. Horrez gain, bilera horretan Arartekoaren kexa-espediente batzuen egoerarekin lotutako beste gai batzuk jorratu ziren.
4.3. Bestelako jarduerak
Arartekoak eta familien arloko zenbait arduradunek jarduketa-eremu horrekin lotutako zenbait jardunaldi eta forotan parte hartu dute 2016an. Bereziki, azpimarratu nahi dugu Arartekoak Eusko Jaurlaritzako 2016ko martxoan antolatutako jardunaldiaren aurkezpenean parte hartu zuela; jardunaldi horren izena hauxe izan zen “Eraldatzen duten gurasotasunak, gizonak, emakumeak, hazkuntza eta boterea”. Horretan, tradizionalki emakumeek euren gain hartutako zaintzaren balio sozial eta ekonomiko handia azpimarratu zuen eta adierazi zuen premiazkoa dela gizonen erantzunkidetasuna sustatzea gure gizartearentzat funtsezkoa den lan horretan. Horrez gain, adierazi du garrantzitsua dela aurrerapausoak ematea familia-bizitza eta laneko bizitza adiskidetzeko; horretarako aldaketa kultural, sozial eta ekonomiko sakonak egin behar dira, familien beharrak eraginkortasunez eta osorik integratu ahal izateko gure produkzio-jardueran.
Bestalde, aurreko urteetan bezala, Arartekoak, maiatzaren 15ean, Familien Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, erakunde-adierazpen bat egin zuen. Horren bidez, gogorarazi zuen familia dela pertsona guztien euskarri material eta afektibo nagusia. Hala, Euskadiko botere publiko guztiei eskatu zien familiei baliabide egokiak eskaintzeko, duten gizarte-babeseko funtsezko eginkizun horren garapena errazten dutenak. Horrez gain, euskal familiei ematen dieten babesa finkatu eta ezartzeko eskatu zien, familien ikuspegia politika publiko guztietan integratuz.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Gure gizarte-ereduan, familiak oinarrizko euskarria dira, pertsona guztien giza-garapena bermatzen duena, bereziki, pertsona ahulenen garapena. Horrez gain, guztiek herritartasun erantzuleko estatusa lortzen dutela bermatzen du, eskubide sozialekin eta banakako eskubideekin. Hori dela-eta, gizarte-ongizatea mantentzeko, ezinbestekoa da familiak babestea, eskubideen berdintasuna eta gizarte-kohesioa bermatzeko, baita pobretasuna eta gizarte-desegituraketa prebenitzeko ere. Gure bezalako gizarte garaikide europarrek erronka demografiko bat dute gaur egun: seme-alabak dituzten familien zailtasun ekonomikoak areagotu dira; zailtasuna gehiago daude gizarte-mugikortasunerako eta aukeren berdintasunerako eta pertsonek familia-proiektu bat hastea eta nahi adina seme-alaba izatea eragozten duten oztopoak mantentzen dira. Egoera horren aurrean, Arartekoak irmoki defendatzen du seme-alabak dituzten familiengan egiten den inbertsio ekonomikoa nabarmen handitu behar dela, Eusko Jaurlaritzak 2016an iragarritakoarekin bat etorriz. Horrez gain, uste du beharrezkoa dela familia-proiektuak eta gure gazteen emantzipazioa errazten dituzten baldintzak erabakitasunez bultzatzea.
Familien aldeko apustu hau, gure ustez, honako eremu hauetan zehaztu behar da:
Ekonomia eta finantzen eremuan, inbertsio ekonomiko handiagoa egin behar da familiak babesteko politiketan. Horrek esan nahi du seme-alabak dituzten familiei laguntza zuzenak eman ahal zaizkiela edo familia horiek zeharka babesteko beste neurri batzuk hartu behar direla, arreta eta zaintzako zerbitzuen zuzkidura publikoa bezalaxe. Azpimarratu nahi dugu seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntza ekonomiko zuzenen sistema unibertsala den sistema batera bideratu behar dela. Aldi berean, kargu dituzten seme-alaben haztapena ere areagotu behar da maila eta zerga-tresna guztietan. Gainera, ezin dugu ahaztu herritarren zahartzeak familiengan duen eragina; horrek adineko pertsonak edo menpekotasun edo ezgaitasun egoeran dauden pertsonak dauden familientzako inbertsio publikoa indartzera behartzen du.
Gainera, araudiaren eremuan, uste dugu komenigarria dela, familia ugarien inguruko Estatuko legeriaren aplikazioak sortutako disfuntzio asko argitze aldera, euskal eremuan berezko arauketa bat sortzearen aukera aztertzea, familia horiei aitortzen zaizkien estatusa eta onurak argitzeko, edo hala badagokio, Familiei Laguntzekoabenduaren 12ko 13/2008 Legeanfamilia ahulenen inguruan ezarritakoaren arabera, bere kargu seme-alabak dituzten familiei laguntzeko neurriei bultzada berri bat ematen dien arauketa bat. Ekimen arautzaile hori komenigarria da eta, bereziki, guraso bakarreko familiei dagokienez, familia horiek ahulagoak direlako. Zentzu horretan, gogorarazi behar dugu lege horrek euskal herri-administrazioei helarazten diela derrigorrezkoa dela oztopoak kentzea eta jarduketa-neurri positiboak hartzea, ahultasun bereziko egoera batean dauden familiei laguntzera bideratutakoak. Hala eta guztiz ere, puntu honetan, gure legeria ez dago guztiz garatuta eta, autonomi erkidegoko beste araudi batzuek ez bezala, ez du mugapen-jarraibiderik edo definiziorik jasotzen, zehaztasunez identifikatzeko zeintzuk diren guraso bakarreko familiaren ereduan sartzen diren familia-unitateak. Izan ere, orokorrean baino ez du adierazten beharrezkoa dela ahultasun bereziko egoera batean dauden familiei babes gehiago ematea eta horrek, azken batean, babes berezirik gabe uzten ditu guraso bakarreko familiak. Adierazi behar da guraso bakarreko familia horietako titularrek –emakumeak batez ere– zailtasun gehiago dituztela seme-alabak zaindu eta hezteko eta, bereziki, laneko eta familiako bizitza adiskidetzeko.
Bestalde, beharrezkoa da zenbait neurriek familiengan izan dezaketen eragina ebaluatzea; horrela, familien ikuspuntua integratuko da neurri publikoetan. Horrek neurri fiskalei eta zerga-neurriei eragiten die batez ere, bere kargu seme-alabak dituzten familientzako babesa indartu behar dutenak (zaintza eta hezkuntzagatiko kostuak konpentsatzera bideratutakoak). Aldi berean, prebenitze aldera, beti aztertu behar da neurri edo erreforma fiskalek eta zerga-neurri edo erreformek familia-bizitzako proiektuetan duten eragina.
Adiskidetzea erronka handia da familia garaikideentzat. Horregatik, denborak antolatzeko planteamendu global berriak nabarmentzea beharrezkoa da, lanak gure bizitzetan duen lekua zalantzan jartzen dutenak eta laneko bizitza mantentzea ahalbidetzen dutenak, behar pertsonalak eta familiarrak behar bezala asez. Puntu honetan, azpimarratu nahi dugu zaintzaren balio soziala eta ekonomikoa -tradizionalki emakumeek bere gain hartu dutena-. Horrez gain, premiazkoa da gizonen erantzunkidetasuna sustatzea gure gizartearentzat funtsezkoa den lan horretan, baita aurrerapausoak ematea ere familiako eta laneko bizitza adiskidetzeko. Horrek euskal botere publikoak behartzen ditu aldaketa kultural, sozial eta ekonomiko sakonak zuzentzera, familien beharrak gure produkzio-jardueran eraginkortasunez eta osorik integratu ahal izateko, adiskidetzea sustatzeko programak, baimenak eta zerbitzuak indartuz eta bide berriak esploratuz, lan-sektore guztietara (publikoak eta pribatuak) hedatzeko malgutasun handiago bat, lanaldia murrizteko eta berriz antolatzeko eta lanean egoteko denborei dagokienez, adiskidetzea errazteko. Adiskidetzearen kostuak partzialki konpentsatzera bideratutako diru-laguntzak lasaitasun partzialeko neurriak dira jasotzen dituzten pertsonentzat. Hala ere, mantendu behar dira eta etorkizunean areagotzen saiatu. Hala, beharrezko araudi-aldaketak egin beharko dira gaur egun laguntza horietatik baztertuta dauden kolektibo batzuk sartzeko, langile autonomoak eta etxeko zerbitzuko langileak bezalaxe.
Familien aldeko apustua egiteak estrategiak ezartzea esan nahi du eta neurri desberdinak pentsatzea eta sustatzea, gure gazteen emantzipazioa bultzatzera bideratutakoak. Izan ere, gazteek bereziki jasaten dituzte krisiaren eta langabeziaren ondorioak; hori dela-eta, ezin diote bizitzako proiektu autonomo bati aurre egin, horrela jatorrizko familiekiko menpekotasuna luzatzen da eta horrek oso eragin negatiboa dauka gure gizartearen ongizate eta garapenean.